Gaur, azaroaren 23an, 9:00etatik 14:00etara, Osasun eta Komunitatea Fundazioaren (FSC) Noctàmbul@s Behatokiaren 6. Txostenaren emaitzak aurkeztu dira Bartzelonako Francesca Bonnemaison Gunean, proiektuaren XII. Jardunaldiaren barruan. Gaueko aisialdi eta droga-kontsumoko testuinguruetako indarkeria sexualei buruzko azken txostena argitaratu eta zortzi urtera, Behatokiak ikerketa berri bat aurkeztu du. Ikerketak aldi honetako aldaketa sozial eta legegileen irismena aztertzen du, bai eta emakumeek festara ateratzen direnean dituzten esperientzietan izan duten eragina ere.

Jardunaldia ongietorri instituzionalarekin hasi da, 9:00etatik 9:30era. Bertan izan dira Marta Álvarez Freijo, FSCko Adikzio, Genero eta Familia Arloko zuzendaria, eta Kataluniako Generalitateko Adikzioen, GIBaren, STIen eta Hepatitis Biralen Azpizuzendaritzako eta Bartzelonako Diputazioko Feminismo eta Berdintasun Arloko ordezkariak. 9:30etik 11:30era, Noctàmbul@s 6. Txostena aurkeztu dute Noctàmbul@s Behatokiko (FSC) Laura Castells Ricartek, Amaya I. Díez Rodríguezek eta María Giaever Lópezek, eta FSCko Gisela Hansen Rodríguezek moderatu du saioa.

Azterlanak “A contraluz: entre el reconocimiento y la impunidad” (Argiaren kontra: aitortzaren eta zigorgabetasunaren artean) du izenburua, eta Drogen gaineko Plan Nazionalak (Osasun Ministerioa) eta Berdintasun Ministerioak finantzatu dute. Autonomia-erkidego guztietako 1.083 erantzun jaso dituen inkesta baten emaitzak biltzen ditu, bai eta aditu profesionalei (Nerea Barjola, Cristina Fallarás, Olmo Morales, María Naredo eta Montse Pineda) eta Espainiako Estatuko erakunde eta kolektiboei egindako elkarrizketak, eztabaida-taldeak eta gaueko aisialdiko hainbat espaziotan egindako landa-lana ere.

Jasandako indarkeriak, aitortu gabeko indarkeriak

Emaitzek erakusten dutenez, inkestatutako emakumeen % 99,1ek indarkeria sexualen bat jasan du bizitzan zehar testuinguru horietan, eta % 89,4k azken urtean. % 82k ezezko baten ondoren tematzea jasan du, % 68,7k nahi gabeko ukituak jasan ditu eta % 20,7k sartze bidezko eraso sexualen bat jasan du.

Datu horiek talka egiten dute egindako indarkeriaren datuekin: nahi gabeko ukituak jasan dituzten emakumeen % 68,7aren aldean, inkestatutako gizonen % 5,9k baino ez du onartzen indarkeria mota hori egin duela. Horrela, Behatokiak “erasotzaile mamuaren” fenomenoa berreskuratzen du, emakumeek jasandako indarkeriaren intzidentzia handiaren eta gizonek egindako indarkeriaren aitortza txikiaren arteko desproportzioa azaltzeko.

Era berean, inkestatutako pertsonen % 97,4k emakume baten aurkako indarkeria sexualen bat ikusi du. Ikerketak agerian uzten du festa-giroek eta konplizitate-harremanek zer-nolako zeregina duten jokabide horiek normalizatzeko orduan.

Menderatze kimikotik harago

Txostenaren beste emaitza nabarmenetako bat droga-kontsumoaren eta indarkeria sexualen arteko harremanari dagokio. Inkestatutako hamar pertsonatik zortzik baino gehiagok menderatze kimikoa (sumisión química) nahi gabeko substantzia-kontsumoarekin lotzen dute. Hala ere, ikerketaren arabera askoz ohikoagoa da erasotzailea zaurgarritasun-egoera batez baliatzea, alkohola edo beste droga batzuk borondatez kontsumitzearen ondorioz sortua.

Aurrez pentsatutako intoxikazioan oinarritutako prebentzio-estrategiek, beraz, erasoen zati garrantzitsu bat uzten dute fokutik kanpo. Behatokiak ikuspegia zabaltzea proposatzen du, eta drogen presentzian gertatutako indarkeria sexualez hitz egitea.

Emakumeen nekea

Txostenak emakumeen artean metatutako neke bat ere antzematen du, erasoak behin eta berriz errepikatzen direlako eta erantzuteak kostu pertsonal eta soziala dakarrelako. Higadura horrek haien aisialdi-ohituretan eragiten du, eta festa-guneetan parte hartzeko aukera mugatzen die.

Puntu moreak: ondo baloratuak, gutxi presente

Erantzun instituzionalari dagokionez, inkestatutako emakumeen % 51k oso erabilgarritzat jotzen ditu puntu moreak, nahiz eta % 20,9k baino ez dituen erabili. Behar premiazkoenen artean, parte-hartzaileek nabarmentzen dute indarkeria sexuala jasan duten emakumeei laguntzeko baliabideak zabaltzea eta gizonei berariaz zuzendutako sentsibilizazioa.

Ekintza puntualetatik harago joatea

Behatokiak ohartarazten du arriskua dagoela urte hauetan zabaldutako dispositiboek erantzun instituzionalaren pisu guztia beren gain hartzeko. Oraindik dauden erronketako bat da indarkeria sexualen prebentzioa eta horiei heltzea gaueko aisialdiko espazioen ohiko funtzionamenduan txertatzea, ekintza puntualetatik harago.

Jardunaldiaren amaiera

Jardunaldia “Retos de presente y futuro en el abordaje de las violencias sexuales” (Indarkeria sexualei heltzeko gaur egungo eta etorkizuneko erronkak) mahai-inguruarekin amaitu da, 12:00etatik 14:00etara. Bertan izan dira Natàlia Càmara Camacho, antropologoa eta LaSAL, Ca la Dona eta Feministas por la Autodefensa taldeetako kidea; Olmo Morales Albarrán, soziologoa eta maskulinitateetan espezializatutako prestatzailea; María Naredo Molero, giza eskubideetan eta generoan espezializatutako jurista eta ikertzailea; eta Laia Rosich Solé, aholkularia eta Dones amb Empentako zuzendarikidea. Noctàmbul@s Behatokiko Ana Burgos Garcíak moderatu du mahai-ingurua.

Jardunaldiak zeinu-hizkuntzako interpretazioa izan du, Fetesamans kolektiboaren eskutik, eta topaketa grabatuta geratuko da.

Infografia gaztelaniaz

 

Grabazioa (geroago eskuragarri): https://www.youtube.com/c/drogasgenerofsyc

Txostena (gaztelaniaz): https://www.drogasgenero.info/6o-informe-noctambuls-25-26-a-contraluz-entre-el-reconocimiento-y-la-impunidad/