Laguntza eta Erantzukizun Zirkuluak(sexu-delituren bat egin duten pertsonen jarraipena/ gizarteratzea) (Katalunia)

“CERCLESCAT” Laguntza eta Erantzukizun Zirkuluak Generalitat de Catalunyako Justizia Sailak diruz lagundutako proiektua da, eta askatasuneko bizitzan laguntza eta gainbegiratzea eskaintzen die sexu-delituren bat egin duten eta «arrisku handiko profil» gisa hartzen diren pertsonei. Izaera prebentiboko programa da, eta haren oinarrizko leloa hau da: “Biktima gehiagorik ez”.

Programaren jarduna behin betiko askatasunaren aurreko aldian hasten da, eta askatasuna lortu ondoren sendotzen da. Helburua bikoitza da: parte-hartzaileen gizarteratzea erraztea eta, ahal den neurrian, delitu berririk egin ez dezaten saihestea.

Proiektuan, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da arrakasta lortzeko. “Laguntza eta Erantzukizun Zirkulu” bat honela osatzen da: sexu-delituren bat egin duen pertsona bat (kide nagusia deritzo), 4 edo 5 boluntarioko talde bat eta profesional bat. Talde horri zirkulua deritzo.

Zirkuluko kideak elkartzen dira kide nagusiak egiten dituen aurrerapenez hitz egiteko, askatasuneko bizitza antolatzeko orduan laguntza emateko, eta hori lortzeko aurki ditzakeen zailtasunak partekatzeko, horiek konpontzen lagun diezaioketen irtenbideak elkarrekin pentsatuz. Horretarako, guztiek elkarrekin berrikusi behar dituzte iraganean kide nagusia delitua egitera eraman zuten akatsak, eta berriro gerta ez daitezen lagun dezaketen faktoreak indartu. Hori bi zereginetan gauzatzen da: berrikusi egiten da Berrerorketak Prebenitzeko Plana, eta indartu egiten da Bizitza Onen Eredua.

Nabarmendu behar da, gainera, zirkulu bakoitzak baduela “Kanpo-zirkulu” bat. Zirkuluko profesional koordinatzaileak komunitate-eremuko beste eragile gako batzuekin (erregimen irekiko zentroetako edo baldintzapeko askatasuneko profesionalak, terapeutak, gizarte-erakundeak, gizarte-zerbitzuak…) partekatzen du kide nagusiaren hobekuntzei, zailtasunei eta arriskuei buruzko informazioa, eta horrek laguntzen du haren birgizarteratze-prozesua onuragarria izan dadin.

Boluntarioek, proiektuan parte hartzen duten bitartean, laguntza- eta gainbegiratze-gune jarraituak dituzte, bai eta prestakuntza-jardunaldi espezifikoak ere.

Cerclescatek aktiboki parte hartzen du CirclesEurope Europako elkartean, eta bertan estu lan egiten du beste herrialde batzuetako profesionalekin, hala nola Erresuma Batukoekin, Herbehereetakoekin eta Belgikakoekin.

Harremanetarako informazioa

Helbide elektronikoa: dir.cercles@fsyc.org
Telefonoa: 93 437 05 28
Harremanetarako pertsonak: Miguel Brito